Europar Batzordeak ULMA Embedded Solutions-ek (UES) gidatzen duen RETINAL proiektua aukeratu du, Horizonte 2020 programaren Enpresa Txiki eta Ertainetarako ETE tresnaren barruan

ULMA Embedded Solutions-en garatu da proiektu hau, osasun arloko prestigio handiko erakunde ezberdinekin elkarlanean, horien artean Osakidetza, Vall d´Hebron ikerketa institutua, Vicomtech-IK4, IDIAP Jordi Gol eta Valentziako Unibertsitatea daudelarik. Proiektua begiaren erretinan dauden lesio eta alterazioen azterketa automatikoan oinarritzen da, eta nola hauek informazioa eman dezaketen prebalentzia handiko gaixotasunei buruz (diabetesa, hipertentsio arteriala), eta hauekin lotuta dauden beste hainbat gaixotasun kardiobaskular, zerebrobaskular eta neurologikoen inguruan.

Gaixotasun horiek gizartean eragiten duten gastu sozial, sanitario eta ekonomikoaren ondorioz, osasun publikoko lehen mailako arazo bihurtu dira eta, horregatik, gizarte publiko zein zientifikoarentzat eragin handiko soluzio beharra dago.


Soluzio berritzailea gaixotasunak erretinaren bitartez diagnostikatzeko

Gizartean dagoen behar horri aurre egiteko ULMA Embedded Solutions-en proposamenak errekonozimendua lortu du Europar Batzordearen eskutik, bere proiektua hautatua izan baitzen 2015eko azaroan, ETE tresnako 1. fasean “Open Disruptive Innovation Scheme” kategorian beste 17 proiekturekin batera, guztira 543 proposamen aurkeztu zirelarik, eta kontuan hartzekoa da Horizonte 2020 programaren barruan ETE tresna egitasmo zorrotza dela, non kategoria honen arrakasta tasa %3,3koa izan den.

Momentuz, RETINAL proiektuak 1. fasean jasoko duen finantzaketa hauxe izan da: 50.000 euro - sei hilabete, kontzeptuaren bideragarritasun teknikoa eta merkaturatze ahalmena aztertzeko, proiektu berritzaile bat aurrera ateratze aldera, eta horrela ULMA Embedded Solutions-i soluzio berritzaileak merkaturatzen laguntzeko.

Proiektuaren xedea merkatuari irudi oftalmologikoaren arloko soluzio integral bat eskaintzea da. Soluzioa, begiko lesio eta gaixotasun desberdinak detektatzeko erretinako irudiak automatikoki aztertu eta prozesatuko duen software modular batez eta erretinaren irudia ateratzen duen kostu baxuko gailu espezifiko batez osatuta dago. ULMA Embedded Solutions-ek garatutako soluzioak erretinaren bidez hainbat gaixotasunen diagnostiko goiztiarra erraztuko du.